10 €-ko deskontua zure lehen erosketan, eta 12 €-koa bigarrenean | gutxieneko erosketa 30 €
Bultzatu tokiko merkataritza
Bidalketa doan. Itzulketak 14 egun
Multidenda eskaerak egin
LEGEZKO OHARRA ETA PLATAFORMA ZERBITZUA ERABILTZEKO BALDINTZAK
(Bertsioa indarrean data honetatik: 2021/04/16)
1. LEGEZKO INFORMAZIOA
Informazio Gizartearen Zerbitzuei eta Merkataritza Elektronikoari buruzko uztailaren 11ko 34/2002 Legearen 10. artikuluan aurreikusitakoa betez, "DSS Market Plaza" web plataformaren zerbitzuari buruzko informazio hau eskaintzen dizugu:
Domeinuaren izena: www.dssmarketplaza.eus
e-maila: fomentoss@donostia.eus
Jabea: DONOSTIA SUSTAPENA SA erakundea, Donostiako (Gipuzkoa) San Roke kalearen 120. zenbakian egoitza duena, Gipuzkoako Merkataritza Erregistroan inskribatuta (2.528 liburukia, 162 folioa, SS-4.857 orria) dagoena eta A-20001682 IFZ duena (aurrerantzean «SUSTAPENA»)
2. ERABILTZEKO BALDINTZAK
2.1. Erabiltzeko baldintzen eremua, xedea eta irismena
Xedapen hauek (aurrerantzean, "ERABILTZEKO BALDINTZAK") online erosteko web plataformaren zerbitzua (aurrerantzean, "ZERBITZUA") eskuratzeko eta erabiltzeko modua arautzen dute. Zerbitzu hori SUSTAPENAK eskaintzen die Interneteko erabiltzaileei (aurrerantzean, "ERABILTZAILEA/K") www.dssmarketplaza izeneko domeinuaren bidez.
Arestian esandakoa ezertan eragotzi gabe, ZERBITZUAN sartutako funtzionalitate jakin batzuk eskuratzeko eta erabiltzeko baldintza bereziak egon daitezke (aurrerantzean, "BALDINTZA BEREZIAK»). Baldintza horiek, kasuaren arabera, ERABILTZEKO BALDINTZAK ordezkatu, osatu edo aldatuko dituzte, eta, haien arteko kontraesanik izanez gero, baldintza horien gainetik egongo dira. Horrenbestez, funtzionalitate edo zerbitzu horiek erabili aurretik, ERABILTZAILEAK horiek arautzen dituzten BALDINTZA BEREZIAK onartu beharko ditu, zeinak ZERBITZUAK berak helaraziko baitizkio, dagokion onarpen sistemarekin batera.
Erregistroa izapidetzean, ERABILTZAILEAK berariaz eta erreserbarik gabe onartzen ditu ERABILTZEKO BALDINTZAK, eta onarpen horrek idatziz eta sinatuta egindako edozein kontraturen balio eta eraginkortasun bera izango du. Erabiltzaileak ERABILTZEKO BALDINTZAK osorik onartzen ez baditu, ez du ZERBITZUA erabiltzeko baimenik izango.
Erregistratu nahi ez duten ERABILTZAILEEK erosketa egin ahal izango dute, ONLINE DENDETAN nabigatzen ari eta «erosketa saskian» erosketak erregistratu gabe sartuaz. Beren datuak eman beharko dituzte erosketa formalizatzeko unean, eta datu horiek ez dira gordeko hurrengo erosketetarako. Horrelakoetan ere nahitaezkoa izango da BALDINTZA OROKORRAK onartzea, erosketa egiteko unea
SUSTAPENAK, edozein unetan eta inolako aurreabisurik eman gabe, Erabiltzeko Baldintzak aldatzeko eta eguneratzeko ahalmena izango du, bai eta, hala badagokio, kasuan kasuko BALDINTZA BEREZIAK ere, lege, administrazio edo jurisprudentzia berrietara egokitzeko, bai eta une bakoitzean ZERBITZUEN esparruan jasotako jardueretara ere, aintzat hartuta betiere ERABILTZAILEEN interesetarako eskubideak. Aldaketa horiek ez dute eraginik izango erabiltzaileek ordura arte erabilitako ZERBITZUAN.
Nolanahi ere, DONOSTIA SUSTAPENAK ERABILTZEKO BALDINTZEN eta/edo BALDINTZA BEREZIEN edozein aldaketari buruzko informazio zehatza emango die ERABILTZAILEEI, eta ERABILTZAILE bakoitzak aldaketa horiek onartutzat joko ditu, baldin eta, horiek jakinarazi ondoren, ZERBITZUA erabiltzen jarraitzen badu.
2.2. ZERBITZUAREN izaera eta ezaugarriak
ZERBITZUAK online erosteko web plataforma bat (aurrerantzean, «PLATAFORMA») jartzen du ERABILTZAILEEN esku, eta, «Marketplace» modura, PLATAFORMAN bertan sartutako online espazio indibidualetara edo dendetara (aurrerantzean, «ONLINE DENDAK») sartzea ahalbidetzen die. Denda horiek bertako merkatari independenteek (aurrerantzean, «SALTZAILEAK») kudeatzen dituzte.
Horrela, ZERBITZUAK ERABILTZAILEEN eta SALTZAILEEN arteko interakzioa eta transakzioen formalizazioa errazten du; edonola ere, DONOSTIA SUSTAPENAREN jarduera bi aldeen arteko bitartekaritza soilera mugatzen da, haien arteko negoziazioak eta transakzioak egiteko gune bat jarrita.
Hortaz, DONOSTIA SUSTAPENA ez da PLATAFORMAN eskainitako produktuen saltzailea edo eroslea, eta ERABILTZAILEAREKIN duen harremana ZERBITZURA mugatzen da, ERABILTZAILEAK PLATAFORMARA sartzeko eta erabiltzeko eskubideak barne hartuta.
Horrenbestez, DONOSTIA SUSTAPENAK ez du bere gain hartzen inolako erantzukizunik erabiltzaileen edo hirugarrenen aurrean, honako hauei dagokienez: (i) SALTZAILEEK PLATAFORMAREN bidez eskainitako produktuak, haien eskuragarritasuna eta/edo kalitatea, eta (ii) eskainitako produktuen erosketan SALTZAILEEN eta ERABILTZAILEEN artean egon daitekeen kontratu bidezko harremana, hura ez betetzea edo hortik eratorritako bestelako kalte-galerak barne hartuta.
2.3. Baldintza teknikoak
ERABILTZAILEA arduratuko da zerbitzua eskuratu eta erabili ahal izateko ekipo informatikoak, gailu mugikorrak eta Interneterako konexioak eskuratzeaz, eta DONOSTIA SUSTAPENAK ez du inolako konpromisorik hartuko ERABILTZAILEAREKIKO, elementu horiek edozein erregimenetan hornitzeari dagokionez.
Gailu mugikor baten bidez erabiltzen bada, erabiltzailea zer gailu motaren bidez konektatzen ari detektatzen da, eta erabiltzailearen gailura egokitutako webgunea erakusten da. Gaur egungo merkatuan gailu eta nabigatzaile sorta handia dagoenez, egokitzapen hori nabigatzaile hauen azken-aurreko eta azken bertsioetan egingo da:
2.4. ERABILTZAILEA erregistratzea
2.4.1. Erregistratzeko baldintzak
ZERBITZUA 18 urtetik gorako pertsona fisikoek soilik erabil dezakete; beraz, ERABILTZAILE gisa horiek bakarrik erregistratu daitezke, bai altan emanda bai gonbidatu gisa.
Erabiltzaile gisa alta emanez gero, erregistroa formalizatzean, ERABILTZAILEAK DONOSTIA SUSTAPENARI bermatuko dio: (i) adin nagusikoa edo adingabe emantzipatua dela eta plataformaren bidez eskainitako produktuen salerosketa formalizatzeko legezko gaitasuna duela; eta, (ii) erregistratzean ematen duen informazio guztia egiazkoa dela.
Era berean, profilaren datuak eguneratuta eduki beharko ditu, eta berehala jakinarazi beharko dio DONOSTIA SUSTAPENARI, baldin eta, ezustean, klausula honetan ezarritako baldintzak betetzen ez baditu. Hori gertatzen denean eta ez-betetze horrek irauten duen bitartean, ez du beste erosketarik egingo PLATAFORMAREN bidez.
Nolanahi ere, DONOSTIA SUSTAPENAK ez du erantzukizunik bere gain hartuko, baldin eta ERABILTZAILEAK, nahita, DONOSTA SUSTAPENAK ezarritako iragazkiak saihesten baditu bere legezko gaitasuna ziurtatzeko, datu faltsuak ematen baditu edo ERABILTZAILE gisa erregistratzeko eta/edo ZERBITZUA erabiltzeko eskatutako baldintzak ez dituela betetzen ezkutatzen baditu beste moduren batean.
2.4.2. ERABILTZAILEAREN identifikatzailea eta pasahitza
ERABILTZAILEAK ZERBITZUA PLATAFORMAREN bidez eskuratu eta erabili ahal izango du, DONOSTIA SUSTAPENAK aldez aurretik emandako identifikatzaile baten eta pasahitz baten bidez.
ERABILTZAILEAK esleitzen zaion identifikatzailea eta pasahitza diligentziaz erabili beharko ditu, eta horien zaintzaz eta konfidentzialtasunaz arduratuko da, haien erabilera hirugarrenei ez uzteko —ez aldi baterako ez modu iraunkorrean— eta hirugarren pertsonei sartzeko baimena ez emateko konpromisoa hartuta.
Identifikatzailea eta pasahitza lapurtu, galdu edo baimenik gabe erabiliz gero, ERABILTZAILEAK berehala jakinarazi beharko dio SUSTAPENARI, ezeztatzeari ekin diezaion. DONOSTIA SUSTAPENAK ez du bere gain hartuko baimenik gabeko hirugarrenek egindako ekintzen erantzukizuna, baldin eta hirugarren horiek ERABILTZAILEAREN identifikatzailea eta pasahitza erabiltzen badituzte, lapurreta, galera edo baimendu gabeko erabilera jakinarazten ez den bitartean.
2.5. ZERBITZUAREN erabilera
Erregistroaren bidez, ERABILTZAILEAK PLATAFORMAN sartzeko eta haren erabilera pertsonala egiteko eskubidea eskuratzen du, ez esklusiboa eta eskualdatu ezina, eta horrek, ERABILTZEKO BALDINTZEN arabera, PLATAFORMARA eta ONLINE DENDETARA sartzeko eta ONLINE DENDA horietan SALTZAILEEK eskainitako produktuak erosteko aukera emango dio ERABILTZAILEARI.
Edonola ere, ERABILTZAILEAK ezingo ditu honako hauek egin: (i) ZERBITZUTIK, PLATAFORMATIK edo haren esku utzitako dokumentaziotik eratorritako produktuak sortu edo aldatu; (ii) PLATAFORMAN sartutako iturri kodea dezifratzen, deskonpilatzen, bereizten edo alderantzizko ingeniaritza egiten saiatu; (iii) ZERBITZUAREN eta/edo PLATAFORMAREN erabilera saldu, errentan eman edo alokatu, osorik edo zatika; eta, (iv) ZERBITZUAN, PLATAFORMAN eta horien erabileran ageri den itxura fisikoan sartutako edozein marka, logotipo edo bestelako abisu, legenda, sinbolo edo etiketa jabeduna kendu edo aldatu.
ERABILTZAILEAK SALTZAILEEK ONLINE DENDETAN eskainitako produktuen erosketek eta saltzaileekin horretarako formalizatzen dituen kontratuek ERABILTZAILEAREN eta SALTZAILEEN arteko harreman juridikoa eratuko dute, eta DONOSTIA SUSTAPENA harreman horretatik erabat kanpo geratuko da. ERABILTZAILEAK PLATAFORMAN bertan eskura ditzakeen Salmenta Baldintza Orokorretan aurreikusitakoak eta/edo SALTZAILEAK xede horretarako finkatutako salmenta baldintzek arautuko dituzte harreman horiek.
2.6. ZERBITZUAREN baldintza ekonomikoak
BALDINTZA BEREZIETAN besterik xedatu ezean, ZERBITZUA doan eskuratu eta erabili ahal izango da, ERABILTZAILEAK bere hornitzailearekin kontratatuta duen telekomunikazioen sarera konektatzeko kostua izan ezik, hori bere kontura izango baita.
Aurreko aurreikuspenetik kanpo geratzen dira ONLINE DENDETAN SALTZAILEEK eskainitako produktuen ERABILTZAILEAREN erosketak, horiek transakzioa egiteko gauzatzeko adostutako baldintzen arabera arautuko baitira.
2.7. Eskuragarritasuna, segurtasuna eta bermeak
2.7.1. ZERBITZUAREN erabilgarritasuna
DONOSTIA SUSTAPENAK bere esku dauden ahalegin guztiak egingo ditu ZERBITZUA eskuragarri eta erabilgarri egon dadin eguneko 24 orduan, urteko egun guztietan.
Horrek, ordea, ez du ZERBITZUAREN eskuragarritasun osoa bermatuko ezinbesteko kasuetan edo DONOSTIA SUSTAPENAK kontrolatu ezin dituen suposamenduetan; horrelakotzat joko dira, besteak beste, honako hauek:
Ezinbesteko kasuak (aurrerantzean, «EZINBESTE»): DONOSTIA SUSTAPENAREN nahiarekin zerikusirik ez duen edozein gorabehera edo ezohiko gertaera ezusteko edo saihestezin, hala nola grebak, suteak, uholdeak, indar eragilerik eza, lehengaien eskasia, DONOSTIA SUSTAPENAREN edo ZERBITZUAREN kudeaketan inplikatutako hirugarren hornitzaileen instalazioetan eta/edo baliabideetan izandako matxurak edo istripuak, eta ERABILTZEKO BALDINTZAK onartu ondoren sor daitezkeen bestelakoak, baldin eta horien eraginez DONOSTIA SUSTAPENAREN betebeharrak betetzea ezinezkoa bada edo kostu handiegia badu behin-behinean edo, hala behar bada, behin betiko.
DONOSTIA SUSTAPENAK kontrolatu ezin dituen suposamenduak: (i) ERABILTZAILEAREN ekipo informatikoak eta gailu mugikorrak; eta (ii) ERABILTZAILEAK erabilitako komunikazio sareak eta konexio elementuak, bai norberarenak bai DONOSTIA SUSTAPENA ez den hirugarrenekoenak.
Era berean, ZERBITZUAREN sarbidea behin-behinean eten ahal izango da, segurtasun arrazoiak, mantenimendu beharrak edo baliabideen berregituraketa dela eta, eta horrek ez du esan nahiko DONOSTIA SUSTAPENAK bere betebeharrak betetzeari utzi dionik. Nolanahi ere, ahal den guztia egingo dira etenaldi horiek ERABILTZAILEARI ahalik eta gutxien eragiteko. Programatutako etenaldiak direnean eta ahal den guztietan, ERABILTZAILEARI jakinaraziko zaizkio aldez aurretik.
Azkenik, DONOSTIA SUSTAPENAK beretzat gordetzen du ERABILTZEKO BALDINTZAK edo, hala badagokio, BALDINTZA BEREZIAK betetzen ez dituen edozein ERABILTZAILERI zerbitzuaren sarbidea eta erabilera eteteko eta/edo blokeatzeko eskubidea, aldez aurretik abisatu gabe, eta etenaldi edo blokeo hori ezingo da ulertu DONOSTIA SUSTAPENAREN betebeharren ez betetzetzat.
2.7.2. Segurtasuna
DONOSTIA SUSTAPENAK dagozkion neurri teknikoak ezartzen eta eguneratzen ditu, ZERBITZUAREN segurtasuna ziurtatzeko eta PLATAFORMAN gordetako informazioaren osotasuna, eskuragarritasuna eta konfidentzialtasuna bermatzeko.
Esandakoa gorabehera, ERABILTZEKO BALDINTZEK bere horretan ez dute inolako bermerik ematen ERABILTZAILEAREN ekipo informatikoen eta/edo gailu mugikorren edo sarearen eta azpiegituraren segurtasunari dagokionez, horien babesa hari baitagokio.
ERABILTZAILEAK, nolanahi ere, ezingo ditu ezabatu, aldatu, saihestu edo manipulatu ZERBITZUAN eta/edo PLATAFORMAN instalatuta egon daitezkeen babes gailuak edo segurtasun sistemak.
2.7.3. Bermeak
DONOSTIA SUSTAPENAK PLATAFORMAREN eta ZERBITZUAREN funtzionamendu egokia bermatuko dio ERABILTZAILEARI honako baldintza hauetan:
PLATAFORMAREN funtzionamendu egokia bermatzen da, bai eta haren programazioko akatsei lotutako edozein gorabeheraren zuzenketa ere.
Nolanahi ere, berme horretatik kanpo geratzen dira ZERBITZUEN kudeaketan inplikatuta dauden hirugarren hornitzaileek emandako zerbitzuak, zeinek dagozkion titularrek ezarritako berme baldintzak bete beharko baitituzte.
Era berean, klausula honen xede den bermetik kanpo geratzen dira kodearen barne akatsez bestelako arrazoiek eragindako erroreak edo akatsak. Salbuespen horrek barne hartzen ditu, besteak beste, ERABILTZAILEAREN eta/edo DONOSTIA SUSTAPENA ez den hirugarrenen jardunak eragindako erroreak edo akatsak, bai eta ZERBITZUTIK kanpoko bitartekoek eragindakoak ere, hala nola ERABILTZAILEAREN ekipamendu informatikoek edo gailu mugikorrek.
Nolanahi ere, ERABILTZAILEAK onartzen du PLATAFORMA eta ZERBITZUA "aurkezten diren moduan" ("as it is") erabiltzeko ematen direla; beraz, DONOSTIA SUSTAPENAK ez du bermatzen ZERBITZUA ERABILTZAILEAK lortu nahi dituen helburu partikularretara egokitzea. Horrenbestez, DONOSTIA SUSTAPENAK berak horretarako emandako zehaztapen teknikoak eta funtzionaltasunak alde batera utzita, SUSTAPENARI ezin izango zaio eskatu inolako erantzukizunik, baldin eta ZERBITZUA egokia ez bada ERABILTZAILEAREN behar zehatzetarako.
2.8. Jabego intelektualeko eta industrialeko eskubideak
ZERBITZUA eta PLATAFORMA, bai eta elementu horien gainezko ustiapen eskubideak ere, DONOSTIA SUSTAPENAREN eta/edo hirugarrenen titulartasunekoak dira, eta Jabetza Intelektualari eta/edo Industrialari buruzko Espainiako legeek eta aplikagarriak diren nazioarteko itunen xedapenek babesten dituzte.
ERABILTZEKO BALDINTZAK onartzeak ez du esan nahi ZERBITZUAREN eta PLATAFORMAREN edo horretan sartutako software elementuen jabetza intelektuala eta/edo industriala ustiatzeko eskubideak ERABILTZAILEARI eskualdatzen zaizkionik, haien jabeen titulartasun esklusiboa izaten jarraituko baitute, ERABILTZAILEAK eskuratutako erabilera eskubideari ezertan eragotzi gabe.
Aipatutako eskubideen erreserbak barne hartzen ditu (i) bai kanpo itxura (look and feel) eta PLATAFORMAREN kodea, diseinua eta nabigazio egitura (ii) bai PLATAFORMAREN bidez edozein formatutan sar eta bana daitezkeen edukiak ere.
Horren ondorioz eta 2.5 Klausulan ezarritakoarekin bat etorrita, ERABILTZAILEAK debekatuta dauka ZERBITZUTIK eta/edo PLATAFORMATIK eratorritako obrak deskonpilatzea, deslotzea, alderantzizko ingeniaritza egitea, azpilizentzia ematea edo edozein modutan transmititzea edo itzultzea.
Izen komertzialei, markei, logotipoei edo bestelako zeinu bereizgarriei buruzko aipamenak ZERBITZUAN, PLATAFORMAN eta/edo horiek erabiltzean agertzen diren itxura fisikoan sartzea —erregistratuta egon ala ez— DONOSTIA SUSTAPENAREN edo hirugarrenen titulartasunekoak direnean, debekatuta dago, non eta DONOSTIA SUSTAPENAK edo titular legitimoak horretarako berariazko baimenik ematen ez duten.
Debekatuta dago PLATAFORMAN jasotako informazioa eta horren diseinua eta horren barruan sartutako materialen aukeraketa eta aurkezteko modua erreproduzitzea, kopiatzea, banatzea, eraldatzea, jendaurrean jartzea edo antzeko jarduerarik egitea, horren helburua eta erabilitako bitartekoa edozein dela ere, DONOSTIA SUSTAPENAK hori egiteko berariazko baimena ematen duenean izan ezik.
Ondorioz, ERABILTZAILEAK soilik ikusi eta erabili ahal izango ditu, modu guztiz pribatuan eta pertsonalean, PLATAFORMAREN bidez bere esku jarritako gainerako edukiak eta zerbitzuak, betiere horien bidez merkataritza jarduerak edo jarduera profesionalak garatzeko helburua ez badu.
2.9. Loturak
DONOSTIA SUSTAPENAK ERABILTZAILEAREN eskura jartzen ditu, PLATAFORMAREN bidez, loturako gailu teknikoak (botoiak, estekak eta bannerrak, esaterako), SALTZAILEEK eta/edo bestelako hirugarrenek kudeatzen dituzten edo jabe diren Interneteko beste gune edo atari batzuetara iristeko, eta DONOSTIA SUSTAPENAK ez du horien gaineko kontrolik (aurrerantzean, "LOTURA GUNEAK").
ERABILTZAILEAK kontuan hartu behar du, lotura gailu horiek erabiltzean eta WEBSITETIK LOTURA GUNEETARA sartzean, ERABILTZEKO BALDINTZA hauek aplikagarri izateari utziko diotela.
SUSTAPENAK ez ditu ezagutzen eta kontrolatzen inola ere LOTURA GUNEETAN sartutako edukiak eta zerbitzuak, eta WEBSITEAREN bidez horietarako sarbide bat jartzeak ez du esan nahi, inola ere, (i) DONOSTIA SUSTAPENAK LOTURA GUNEETAN jarritako edukiak eta zerbitzuak gomendatzen edo onartzen dituela, eta (ii) SUSTAPENAREN eta LOTURA GUNEAREN arduradunaren arteko harremanik, lankidetzarik edo mendekotasunik dagoela.
Horrenbestez, DONOSTIA SUSTAPENAK ez du bere gain hartzen LOTURA GUNEEN gaineko inolako erantzukizunik, eta, beraz, ez da haien funtzionamendu, eduki eta zerbitzuen erantzulea, ezta LOTURA GUNE horien edukien loturena ere.
ERABILTZAILEAK jakingo balu LOTURA GUNE baten edukiak, zerbitzuak edo horren bidez garatutako beste edozein jarduera legez kanpokoa edo desegokia dela, berehala jakinarazi beharko dio DONOSTIA SUSTAPENARI, horrek, hala badagokio, egoki iritzitako neurriak har ditzan.
2.10. Erantzukizuna
ZERBITZUA erabiltzen duenak bere kontura eta arriskupean egiten du. ERABILTZAILEA behartuta dago: (i) DONOSTIA SUSTAPENAREN edo hirugarrenen irudia, interesak eta eskubideak kaltetu ditzakeen, PLATAFORMA kaltetu, baliogabetu edo gainkargatu dezakeen edo, edozein modutan, normaltasunez erabiltzea eragotziko lukeen jokabiderik ez egitera; eta (ii) PLATAFORMA legeekin eta trafikoaren erabilerekin guztiz bat etorrita erabiltzera.
Hori dela eta, ERABILTZAILEA betebehar horiek ez betetzearen ondorioz sor daitekeen edozein kalte-galeraren erantzulea izango da DONOSTIA SUSTAPENAREN eta/edo hirugarrenen aurrean.
DONOSTIA SUSTAPENAK ez du bere gain hartuko erabileratik edo erabilera gabeziatik eratorritako inolako erantzukizunik ERABILTZAILEAREN edo hirugarrenen aurrean, 2.7.3 Klausulan berariaz araututakoaz haratago.
Bereziki eta xehetasun guztiak eman gabe, DONOSTIA SUSTAPENA ez da erantzulea izango ERABILTZAILE edo hirugarrenen aurrean honako kasu hauetan: (i) ERABILTZAILEAK ZERBITZUA erabiltzean egindako akatsetatik eratorritako kalte-galerak; eta (ii) EZUSTEAK edo SUSTAPENAK kontrolatu ezin dituen suposamenduak.
DONOSTIA SUSTAPENAK ez du erantzukizunik izango, ezta ere, produktuen erosketetan ERABILTZAILEAK eta SALTZAILE bakoitzak PLATAFORMAREN bidez formalizatzen duten kontratua egiteri, betearazteari edo ez betetzeari lotutako kaltetan edo galeretan. DONOSTIA SUSTAPENAK ez du parte hartzen aipatutako kontratazioan, eta haren jarduna bi aldeen arteko PLATAFORMAREN bidezko bitartekaritza hutsera mugatzen da.
2.11. Cookien erabilera:
WEBGUNE HONEK cookie fitxategiak eta/edo antzeko datuak biltegiratzeko eta berreskuratzeko beste gailu batzuk erabiltzen ditu.
SUSTAPENAK «Cookien politika» bat du,lotura honen bidez eskuratu daitekeena.
2.12. Legedi eta jurisdikzio aplikagarriak
ERABILTZEKO BALDINTZA hauek Espainiako antolamendu juridikoaren menpe daude.
ERABILTZEKO BALDINTZA hauen inguruan ERABILTZAILEEN eta DONOSTIA SUSTAPENAREN artean sortutako eztabaida edo gatazka oro Auzitegi eta Epaitegi eskudunetara bideratuko dira, Espainiako legediak auzibideen arloan ezarritakoaren arabera.
ERABILTZAILEAK, edonola ere, auziak sarean ebazteko Europar Batasuneko plataformara jotzeko eskubidea izango du, honako esteka honen bidez: http://ec.europa.eu/consumers/odr.