WhatsApp Business, bezeroarekin komunikatzeko bide gisa

Nork ez du erabiltzen WhatsApp gaur egun? Ziur gaude egunean behin baino gehiagotan berrikusiko duzula zure telefono mugikorra, mezu berririk duzun ikusteko. Bitxikeria gisa: espainiarrak dira aplikazio hori gehien erabiltzen duten europarrak, eta munduko rankingeko laugarren postuan daude. IAB Spainen ikerketaren arabera, erabiltzaileen %86k Whatsapp dute.

Lehen deiak egiteko, mezuak bidaltzeko, lagunengana edo senideengana hurbiltzeko tresna zena, bezero potentzialak saltzeko eta hurbiltzeko mekanismo bihurtu da. Argi dago Whatsapp marketing online arloan aukera asko eskaintzen dituen mezularitza-zerbitzu bat dela. Beraz, tresna horrek eskaintzen dizkizun funtzionalitateak aprobetxatu beharko zenituzke zure bezeroekin erraz komunikatzeko, salmenta-prozesuan arreta-zerbitzu bat eskaintzeko eta zure denda leialtzeko eta sustatzeko dituen gaitasunez baliatzeko.

Horretarako, WhatsAppen ohiko bertsioa erabili beharrean, WhatsApp Business aplikazioa instalatzea gomendatzen dizugu. WhatsApp hori ere doakoa eta negozioetarako pentsatua da.

Zergatik integratu Whatsapp zerbitzu hau zure dendan?

  • Ez du inolako kosturik.
  • Dendako telefono-zenbaki finkoarekin konfigura dezakezu; beraz, ez diezu zure zenbaki pertsonala eman behar bezeroei
  • Pertsonen eguneroko bizitzan erabat integratuta dagoen tresna da.
  • Erabiltzeko erraza da.
  • Berehalakotasuna eskaintzen du. Erraztasunari esker, denbora errealean izan ditzakegu elkarrizketak bezeroekin.
  • Aldakortasuna. Hainbat aukera eskaintzen ditu: hedapen-zerrendak, elkarrizketak banan-banan, gure produktu-katalogoa gehitzeko aukera, etab.

Zer egin behar dugu Whatsapp gure negozioan erabiltzen hasteko?

Aukeratu erabiliko duzun telefono-zenbakia. Aurreratu dizugunez, telefono-zenbaki finko bat erabil dezakezu. Gure aholkua da enpresaren eta bezeroaren arteko komunikaziorako erabiltzen duzun zenbakia esklusiboa izatea, zure telefono pertsonaletik bereizia. Hain zuzen, aplikazioak ez du telefono-zenbaki bera erabiltzen uzten WhatsApp normalerako eta WhatsApp Business-erako. Zenbakia aplikazioan sartu ondoren, zenbakia egiaztatzeko eskatuko dizu. Zenbaki finkoa erabiltzen baduzu, telefono-dei automatiko baten bidez egin beharko duzu egiaztapen hori, eta hor emango dizute sartu beharreko kodea.

Enpresaren profila behar bezala osatu. Negozioaren izena eta dendaren profilaren edo logotipoaren argazkia jarri beharko dituzu. Enpresaren profilak zure negozioari buruzko informazioa gehitzeko aukera ere ematen dizu, hala nola enpresaren izena, helbidea, kategoria, deskribapena, merkataritza-ordutegia, posta elektronikoa eta webgunea. Erabiltzaileek erraz ikusiko dute informazio hori zure profilean.

Zure enpresa-profila editatzeko:

  • WhatsApp Business aplikazioa ireki > “Aukera gehiago” atalean sartu > Enpresarentzako tresnak > Enpresa-profila
  • Editatu botoiari eman
  • Ukitu eguneratu nahi duzun edozein eremu > Gorde

Mezularitzako tresnak programatu. Ongietorri-mezuak pertsonaliza ditzakegu gurekin lehen aldiz harremanetan jartzen den norbaiti erantzuteko, baita absentzia-mezuak ere, hau da, une horretan erantzun ezin dugunean bezeroei mezua jaso dela jakinarazteko erantzun automatikoa (beti bidaltzeko aukera dago, tarte pertsonalizatu batean edo merkataritza-ordutegitik kanpo bakarrik). Mezularitza-tresnetara sartzeko, aukera gehiago botoia ukitu besterik ez duzu egin behar > Enpresarentzako tresnak >, eta, hemen, ongi etorria emateko mezua edo absentzia-mezua aukeratu.

Ezarri erabil ditzakezun erantzun azkarrak. Lasterbide bati eslei dakizkiokeen aurrez grabatutako esaldiak dira, behin eta berriz errepikatu behar dituzun esaldietarako balio dutenak. Adibidez, /adios agur adeitsu bat izan daiteke edo /nostock "Asko sentitzen dugu, une honetan ez zaigu stockean geratzen" bihurtu daiteke. Mezularitza-tresnetara sartzeko, aukera gehien ematen dituen ikonoa ukitu besterik ez duzu egin behar> Enpresarentzako tresnak > Erantzun azkarrak

Sartu zure produktu-katalogoa. Funtzionaltasun hau oso erabilgarria da, erabiltzaileei zure produktu guztiak erakusteko aukera ematen baitizu. Katalogoa sortu ahal izateko, doikuntza hauetara joan behar duzu: Enpresaren ezarpenak > Katalogoa. Sakatu «Gehitu produktu edo zerbitzu bat» eta sakatu (+) ikurra, haren irudiak eransteko. Telefono mugikorreko irudi-galeriatik eta kamera irekitzetik hauta ditzakezu, une horretan irudi bat hartzeko. Idatzi produktuaren izena eta deskribapen labur bat, horri buruzko informazio gehiago izan dezaten erabiltzaileei. Informazio gehiagorako estekak eta produktuaren kodea sar daitezke. Gorde egin behar da, eta errepikatu ekintza behar adina aldiz, WhatsAppen dendako katalogoko produktu bakoitza gehitzeko.

Kontuan izan datuak babesteko legea. Ohituta gaude sms-ak jasotzen publizitatearekin, baina Whatsapp beste lurralde bat da. Bezeroak mugikorraren zenbakia eman behar digu, eta, horretarako, Whatsapp bidez jakinarazpenak bidaltzeko baimena behar dugu.

Pentsatu jarraitu beharreko komunikazio-estrategia. Mezuak bidaltzen hasi aurretik, zer komunikatu nahi dugun, nola, noiz eta zertarako definitu behar dugu. Gure bezeroentzat kalitatezkoa izango den eta balioa emango dien edukian pentsatu behar dugu, eta, gainera, kontuan hartu behar dugu sarri ez idaztea eta ordutegi egokian idaztea.

Ez izan Spam. Lehen esan dugun bezala, bezeroak ez ditugu gure mezuekin nazkatu behar; beraz, neurrizkoak izan behar dugu, eta ez ditugu mezu gehiegi bidali behar. Mezu bat bidali aurretik, pentsatu: bezeroari zerbait interesgarria ematen ari naiz? Hala ez bada, hobe da mezua ez bidaltzea.

Hizkuntza zuzen erabili. Whatsapp egoera eta elkarrizketa informalekin gehiago erlazionatzen den arren, ez dugu ahaztu behar bide horretatik idazten dugunak gure marka-identitatea transmititu behar duela. Beraz, erabilitako tonua informala izan arren, modu egokian eta ortografia-akatsik gabe idatzi behar dugu.

Adi egon. Ez du ezertarako balio izango zerbitzu hau martxan jartzeak, gero ez badugu mugikorra berrikusten eta egiten dizkiguten kontsultei erantzuten. Beraz, ahalik eta lasterren erantzun behar diegu mezuei.

Ez galdu Whatsapp Business-ek eskaintzen dizkizun aukera guztiak, eta hasi zure negozioan integratzen, zure bezeroekin zuzenean komunikatzeko tresna gisa.