Azkenaldian bueltaka zabiltza online saltzen hasi nahi duzulako, baina ez dakizu nola egin?
Prestakuntza-pilula honetan, dauden alternatibak azaldu nahi dizkizugu bakoitzaren inplikazioak ezagutzeko, baita dituzten abantailak eta eragozpenak ere, eta, horrela, gehien interesatzen zaizuna zein den erabaki ahal izango duzu.
Aukera bat edo bestea hautatu aurretik, lehenik eta behin, gai garrantzitsu batzuei buruzko gogoeta egin behar duzu:
- Zeintzuk dira nire saltokiaren ezaugarriak? Zeintzuk dira nire jarduera-sektorearen ezaugarriak?
- Nola eskain diezaieket nire bezeroei, edo balizko bezeroei, nire produktu edo zerbitzuei buruzko informazio eskuragarria?
- Zer aurrekontu erabil dezaket nire online estrategiarako?
- Zer denbora eskaini diezaioket nire online estrategiari?
- Zein baliabide (materialak, giza baliabideak eta finantzarioak) ditu nire negozioak?
- Nola antolatu off line salmenta eta on line salmenta?
Planteatutako galderen erantzunaren arabera, dauden aukeren artean aukeratu ahal izango duzu. Hiru aukera nagusiak honako hauek direla esan genezake:
Sare sozial / Whatsapp bidez saltzea:
Sare sozialetan zaudela aprobetxa dezakezu zure produktuak erakusteko eta erabiltzaileak zurekin harremanetan jar daitezen eskatzeko. Istorioak igo ditzakezu gogoratuz norbaitek zure produktuetan interesa badu mezu bat edo Whatsapp bat idatz diezazula, gogoratu bidalketak egiten dituzula (bidalketa-gastuen berri emanez), zure produktuei buruz interesatzen zaizkizun iruzkinei erantzun diezaiekezula erosteko aukeren berri emanez, etab.
Gainera, Facebooken eta Instagramen denda bat ere sor dezakezu, zure produktuen katalogoa osatzeko eta erabiltzaileek aplikaziotik zuzenean eros dezaten errazteko.
Horrelako salmentetarako Whatsapp business eta bizum erabil ditzakezu aliatu gisa, eskaerak eta ordainketak modu eraginkorragoan kudeatu ahal izateko.
Sare sozialen bidez saltzearen abantaila nagusietako bat da ez duzula inbertitu behar azpiegitura propio bat sortzen, eta online eskaeren kudeaketarekin ohitu zaitezkeela (bezeroentzako arreta, logistika, etab.), nahiko modu errazean.
Desabantaila nagusia da hirugarren baten mende zaudela eta etorkizunean sare sozial hori desagertzen bada zure bezeroekin saltzeko/komunikatzeko kanalik gabe geratuko zinatekeela.
Online denda propio baten bidez saltzea:
Online denda propioa sortzea urrats sendoa da zure saltokiaren digitalizaziorako bidean, baina ahalegina eta dedikazioa ere eskatzen ditu. Zure online denda garatu aurretik, alderdi hauek argi izan behar dituzu:
- Zer produktu salduko ditut?
- Zer bidalketa- eta itzulketa-politika eskainiko dut?
- Nola kudeatu stocka eta konektatu dendako stockarekin?
- Lehendik dauden plataformak/txantiloiak erabiliko ditut edo neurrira egindako zerbait sortuko dut?
Gure online dendak hainbat abantaila eskaintzen dizkigu, hala nola markaren gaineko kontrol handiagoa eta pertsonalizazio-aukera handiagoak izatea, bai eta bezeroen leialtasuna ere, gure webgunearen bidez lortzen ditugun bezeroak gureak baitira (eta ez hirugarrenen plataformenak).
Desabantaila nagusietako bat da hasierako inbertsioa handiagoa dela, beharrezkoa den azpiegitura garatu behar duzulako, eta marketinean ere ahalegin handiagoak egin beharko dituzula, besteak beste, SEO, marka-irudia, fidelizazio-programak, produktuen igoera eta eguneratzea eta abar landu behar dituzulako.
Marketplace baten bidez saltzea:
Online denda propiorik izan gabe saltzeko beste aukera bat marketplace bidezko salmenta da. Esan genezake marketplace bat "denden denda" bat dela, ecommerce plataforma bat, non saltzaile ezberdinei beren produktuak saldu ahal izateko espazio bat eskaintzen zaien. Izan ere, pentsatzen ari zaren bezala, DSS Market Plaza marketplace bat da.
Marketplace baten abantaila nagusien artean honako hauek daude: kostuak aurreztea, dagoeneko sortutako azpiegitura bat erabili ahal izatea, publiko handiagoa eskuratzea, beste saltzaile batzuekin sinergiak lortzea edo SEO hobetzean laguntzea.
Desabantailen artean, nabarmendu behar da marketplace batean lortzen dituzun bezeroak ez direla zure bezeroak, eta hirugarren baten mende zaudela. Marketplacearen jabeak kobratu ahal izango dizun komisioak zure marjina murriztea eragingo du, eta lehia haundiagoa da, atari horretan bertan beste hornitzaile batzuen antzeko produktuak aurki baitaitezke, onerako eta txarrerako konparazioa erraztuz.
Laburpen txiki honekin dauden aukerak argiago izaten lagundu ahal izan dizugula espero dugu. Ez dago bestea baino aukera hoberik, hori zure helburuen, saldu nahi duzun produktu motaren eta eskura dituzun baliabideen araberakoa izango baita.
¡Espero dugu beldur pixka bat galdu duzula online saltzeko!